DEBEKATUA

"Banda bat jadanik haundia bilakatu ondoren, hirugarren edo laugarren diskoan datorkigunean sendo, haseran batean handia izatera iritsiko zelaren arrastorik somatzen ote zitzaion gogoratzen saiatu izaten gara. Debekatua irundarrak abiapuntu horretan dauzkagu, honako hau dute euren lehendabiziko lana, baina dena den, ziurtatzeak beti dakarren arriskua eta guzti, tinko gorpuztuko den zerbaiten aurrean gaudela emango nuke. Bai, jakina, esatearekin ez da nahiko. Arrazoietara joko dugu orduan... 

 

Batetik, taldea dagoela sentitzen da, abeslaria ez da eztarria zatika eroriko zaionaren beldur, antza denez, ez da gutxi... ez dakit luze iraungo dion ahotsak, baina sekulako indarra dauka bere kantatzeko erak, mugatik puntu bat urrunago disko osoan. Bere azpitik, bateriak eta baxuak eraikitako oinarri gihartsua, garbia eta batzuuetan pozointsua, eta gitarjolea etengabe aizkorakada ankerrak emanez, ustekabean arnasa itotzeko modukoak. Edukin bera bezain garrantzitsua dugu soinu kalitatea, eta hau ere Debekatuaren lehendabiziko lanaren lagun azaltzen da. Hamabi kantuei ederki eman zaie tankera Katarain estudioetan. Efektu eta scratch kontuetan lan fina burutu dute dute gainera "Metamorphosis now", eta oso ondo geratzen diren ahots sampleatuak erabili dira baita, "Gurutzea sutan" kantuaren introa esaterako, Iggy Popen ahots lodian. 

 

Bereziki da azpimarratzekoa konpakto honetako azkeneko doinua, "Honek ez du zerikusirik merezi duzunarekin"; Harkaitz Canoren olerki bat, lelo errepikakor eta itogarri batean harrapatuta, oinarri instrumental basatiaren lurrikaratik ihesi nahian. Hitzek dimentsio beldurgarria hartzen dute musikarekin kontrastean sartzerakoan. "Margolariak esan zuen: "kolore gorririk ez nire koadroetan, politikoki zuzena izan nahi dut, eta odol tanta guztiek berdin mindu behar naute"... euskaltzain gazteak esan zuen: "erahil hatxerik gabe da, azken gomendioen arabera"

 

Debekatua diskoaren kantuekin jarraituz, "Katu Marru Obsesiboen Artean", Rollins Band taldearen soinu astun eta ikaragarritik gertu dugu, hemen inguruan gutxitan lortu den bezala. Erraza zait Henry irudikatzea Asierrekin batera "unibertsoen erdigunea naiz!" hortzak estuturik garrasika, gustora asko gainera. Hara, atera zaigu bada lehen izena... eta ez da Rollins Band aipatzea dagoen bakarra, askoz gehiago erabil daitezke Debekatuaren musika kokatzeko lasterbide bat hartu nahi horretan, Infectious Grooves, Rage Against The Machine, ("Litio" kantuak lepoko min bat edo beste sortaraziko du), Urban Dance Squad...