IKER GOENAGA

Biografia

Iker Goenaga Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio zen, 1974an. 90eko hamarkadan trikitiaren iraultza puri-purian ezagutu zuten trikitilarien belaunaldikoa da, eta, bost disko argitaratuak izateaz gain, Oskorri taldeko kidea da, eta, besteak beste, Mikel Laboarekin aritu da zuzeneko musikari gisa. Musikari jarduera irakaskuntzarekin tartekatzen du, eta hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutan ere parte hartu du, trikitiaren inguruko hausnarketak bultzatuz. Etxean gaztetxoa zelarik izan zuen lehen harremana musikarekin, aita zenaren ezpainetako soinuarekin jolasean hasita. Baina soinu diatonikoaren munduan Alemania komunistatik ekarritako soinu batekin murgildu zen. Trikitia ikasten hasi zen gero, eta lehendabizi txapelketetan aritu zen lehengusu batekin. Gerora, erromerietan hasi zen arreba Larraitzekin.

Trikitiaren mundutik bildu dituen eraginak belaunaldi zaharrenetatik hasi (Elgeta, Auntxa eta Sakabi) eta aurreko belaunaldira zabaltzen dira (Martin, Laja eta Joseba Tapia).